Kuida zentroko Psikologia sailak terapia eskaintzen die bullying-a pairatzen ari diren pertsonei.

Zer da bullying-a?

Bullying deritzo biktima babesgabe batek pertsona erasotzaile baten edo gehiagoren jazarpena pairatzeari, erasoaren helburua min egitea denean. Harreman desorekatua da, bai boterearen bai indarraren aldetik.Indarkeriazko jokabidea errepikatzen da, eta erasoak mina eragiten dio biktimari, ez bakarrik erasoaren unean bertan, modu iraunkorrean baizik. Oro har, pertsona konkretuak ikaratzen dira, eta kasu gehienak eskoletan gertatzen dira.

Eta cyberbullying-a?

Teknologiak oso azkar aldatzen direnez, jokabide erasotzaile hori zabaldu da sare sozialetan eta sakelako telefonoaren bidez bidalitako mezuetan, besteak beste. Cyberbullying deritzo Internet bidez edo bestelako baliabide digitalak erabiliz, eta min egiteko xedearekin, testu edo irudi iraingarri eta mingarriak bidaltzeari.

Nola jakin dezaket gertuko pertsonaren batek halakorik jasotzen duen?

Horrelako erasoak jasaten dituzten pertsonen portaera aldatu ohi da; oro har, eskolarekiko jarrera negatiboa dute, eta beren errendimenduan ere nabaritzen da.

Zer egin ahal dut?

Seme-alabekin komunikazio aktibo eta jarraitua izatea lagungarria da, eroso sentitzen baitira beren sentimenduak partekatzeko. Gure aldetik, egoeraren berri eman behar diogu erasoak gertatzen ari diren zentroari, eta oso garrantzitsua da elkar ulertzea, jazarpena pairatzen duen pertsonak uler dezan ez diola berak bakarrik aurre egin behar arazoari.